2023(e)ko urriaren 20(a), ostirala

UPV/EHUko TEKAZEL LANGILEOK ERE BADITUGU ARRAZOIAK URRIAREN 25EAN GREBARA JOATEKO

UPV/EHUko TEKAZEL LANGILEOK ERE BADITUGU ARRAZOIAK URRIAREN 25EAN GREBARA JOATEKO


Joan den asteazkenean, urriaren 11n, LAB, CCOO, Steilas eta ELA sindikatuek IRIen esparruan deitutako grebaren arrakastaren lekuko izan ginen. Campusak ia hutsik egon ziren, emandako eskola-kopurua oso baxua izan zen, eta irakasle-ikertzaileak bere egonezin sakona adieraztera joan ziren hiru hiriburuetako kontzentrazioetara; errektoretza-taldeari mezu argi eta sendoa bidaltzera: norabidea aldatu behar du, erabakiak modu aldebakarrean hartzeari utzi behar dio eta UPV/EHUko langileen kontrako neurriak gelditu.



Greba irakasle eta ikertzaileentzat bazen ere, aldarrikapen gehienak UPV/EHUko langile guztionak dira. Alde batetik, azken urteotan pairatzen ari garen lan-baldintzen murrizketen, Eusko Jaurlaritzak ezarritako gidalerroen onarpen akritikoaren eta unibertsitate honen azpifinantzaketaren ondorioa dira. Beste alde batetik baina, errektoretza-taldeak aurretik lortutako akordioak eta negoziazio kolektiboa ez errespetatzearekin ere lotura zuzena daukate.
Hona hemen langile guztiek dituzten arazoen adibide batzuk:


  • Erretiro-akordioak alde bakarretik haustea, erretiro-akordioak modu aldebakarrean haustearekin batera, erretiro aurreratuagatik jasotako kalte-ordainak desagertzeaz aparte, TEKAZEL langileak erretirora igarotzeko neurri espezifikoak eta lanaldi-murrizketak ere galdu ziren.
  • Zentroen eta zerbitzuen itxiera inposatzea, Hitzarmen Kolektiboa eta Lan Baldintzen Akordioa larriki urratuz, eta, era berean gainera, TEKAZEL langileek beraien oporrak edota "berreskuratutako txandak" aukeratzea mugatzen dute.
  • TEKAZEL langileek artatutako zerbitzu askotako lan-gainkarga. Azken urteetako egoera da hau, baina pandemiarekin areagotu egin da arazoa. Eusko Jaurlaritzak berak emandako datuak horren erakusgarri dira. Izan ere, 2019 eta 2022 bitartean ikasleen matrikulak % 19,6 eta irakasle-ikertzaileen kopurua % 12,8 hazi diren bitartean, TEKAZEL langileek % 2,9an baino ez dute egin. Ez da oraingo kontua gainera; Estatuko IRI/TEKAZEL ratio txarrenak maneiatzen urteak daramatza UPV/EHUk.


Bestalde, badira TEKAZEL langileei haserrea, frustrazioa eta UPV/EHUrekiko desatxikimendua sortarazten dieten beste kontu batzuk ere:


  • 2010ean aplikaturiko % 5eko soldata-murrizketa eta KPIaren igoera konpentsatzeko balizkoak izan ez diren soldata-igoerek eragindako erosahalmenaren galera izugarria. Guztira % 20a galdu dugu eta Itzarriren % 3ko ekarpena ere ez dugu oraindik berreskuratu. 
  • Lanpostuen birbaloraziorik ez egitea edota TEKAZELen erreferentziazko plantilla egungo egoerara eta etorkizuneko beharretara ez egokitzea.
  • Diskriminazioa bitarteko eta aldi baterako langileen sustapenean, 2017ko aldi baterako lan-poltsen akordioan jasotako zerbitzu-eginkizunen, eginkizunen esleipenaren eta zigorren akordioen ondorioz.

  • Lanaldiaren zirkularra, iraunkor bihurtu nahi diren udako, Gabonetako eta Aste Santuko itxierekin, baita aparteko orduen inguruko akordioak bete gabe.
  • Telelanaren proposamena ez dator gaur egungo errealitatearekin eta aukerekin bat, ez dago IKTen garapenari egokituta, eta horrek, EAEko gainerako sektore publikoan baino baldintza okerragotan jartzen gaitu.
  • Legezko baimen berriak jasotzen ez dituen eta egungo araudiarekin bat ez datozen mugak dituen kontziliazio-neurrien proposamena.  

Gai horiek guztiek, sindikatuekin negoziatzeko benetako borondatea eskatzen dute, eta zoritxarrez, errektoretza-taldeak orain arte ez du borondate hori izan.


Horiek horrela, iritsi da UPV/EHUko TEKAZEL langileek bere frustrazioa eta ezinegona azaleratzeko unea. LAB, Steilas, CCOO eta ELA sindikatuek elkarrekin dei egiten dugu, datorren asteazkenean, urriaren 25ean, euskal sektore publikoaren greban parte hartzera eta gure eskubideen eta lan-baldintzen alde borrokatzera.




Arrazoiak soberan ditugu!

 

LAB- Steilas-CCOO- ELA

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina