2023(e)ko urriaren 17(a), asteartea

Urriaren 11ko EHUko irakasle-ikertzaileen grebaren balorazioa

Urriaren 11ko EHUko irakasle-ikertzaileen grebaren balorazioa


Kaixo lankide,


lehenik eta behin, zorionak pasa den asteazkeneko grebak izandako arrakastagatik! Aldarrikapen zehatzen inguruan EHUko irakasle-ikertzaileok erakustaldi handia egin genuen EHUko zuzendaritza eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailaren aurrean, baita jendartearen aurrean ere, pairatzen ditugun lan-baldintza kaxkarrak sozializatzeko gai izan baikara.


EHUko campus guztietan grebak izandako eragina aztertuta, erabateko arrakastaz baino ezin dugu hitz egin. Zentroak irekita mantendu arren (TEKAZEL langileak ez zeuden grebara deituta), aktibitate akademikoa oso txikia izan zen. Zentroetatik momentu ezberdinetan pasatu ziren pikete informatiboek egiaztatu zutenez, zentro batzuetan ez zen ezta klase bat eman, eta beste batzuetan, 1, 2, 3… klase baino ez ziren ematen ari, ikasgela gehienak hutsik edo giltzez itxita egonda. Eman ziren klase eskasetan ikasleen asistentzia oso baxua zen (gehienetan 5-8 ikasletik ez ziren pasatzen). Campusetara heldu ziren autobusak ia hutsik zeuden. Zalantzarik gabe, aktibitate akademikoaren etenaldia ia erabatekoa izan zen. Grebaren jarraipena irakasle-ikertzaileen % 85-90ean kokatzen dugu.


Era berean, azpimarratu nahi dugu grebaren mobilizazioetan egon zen parte-hartze handia. Bilboko elkarretaratzean 550 bat irakasle-ikertzaile bildu ziren, eta Hezkuntza ordezkaritzaren inguruko espaloiak txikiegiak izanda, langileek errepidea okupatu zuten. Donostian 400 bat pertsona izan ziren Hezkuntza ordezkaritzaren aurrean, eta Gasteizen, errektoreordetzaren aurrean eta Hezkuntza ordezkaritzaren aurrean egindako elkarretaratzetan, zein bi gune horiek lotu zituen manifestazioan, 200 bat irakasle-ikertzaile egon ziren. Beraz, 1200 bat irakasle-ikertzailek hartu zuten parte mobilizazioetan. EHUko irakasle-ikertzaileentzat deituta zegoen etenaldia azken hamarkadetako arrakastatsuena bilakatu zen.


Zentzu horretan, irrigarrikeria iruditzen zaizkigu EHUko zuzendaritzatik emandako datuak. Urriaren 11n bertan hedabideetan irakurri genuen EHUko zuzendaritzak grebaren jarraipena % 4 baino gutxiagotan zenbatetsi zuela. Gaitasun handia irakasle-ikertzaile talde txiki horrena, EHUko campusetako klase gehienak bertan behera uzteko…


Errealitatea desitxuratzen saiatu ordez, EHUko langileok dauzkagun arazoen aurrean beste alde batera begiratu ordez, neurri murriztaileak aldebakartasunez inposatu ordez, diskriminazioa eta prekarietatea areagotu ordez, hobe lukete jarrera ireki eta eraikitzaile batekin langileen ordezkariekin arazoak eta egoera berriak eztabaidatzea, irtenbideen bila.


Baina greba ez da helmuga izan, baizik eta pauso bat. Hori dela eta, ostegun honetan agerraldi masibo bat egingo dugu urriaren 11ko balorazioa publikoki egiteko baita hurrengo aste eta hilabeteetarako zerbitzu publikoen eta gure lan-eskubideen defentsan berresteko, ekimen zehatzetan gauzatuko dena.

Animatzen zaitugu ostegun honetan, urriaren 19an, 11:30etan Letren fakultatearen aurrean egingo dugun prentsaurreko masibora etortzeko. Toki berean egingo dute EHU Gobernu Kontseilua. Zuzendaritzak ere gertutik entzun dezala.






LAB-CCOO-STEILAS-ELA
 

 
 



 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina