2021(e)ko martxoaren 18(a), osteguna

doktoratu aurrekoak prekarietatearen aurka

PREKARIETATEAREN AURKA: Ikerlarien lan-baldintza duinen alde.



CCOOk UPV/EHUn doktoratu aurreko kolektiboak egindako mobilizazioen berri eman nahi digu. Mobilizazio horiek doktoratu aurreko asanbladak sustatu ditu.


Hemen behean duzue deialdia eta manifestua.



Kontzentrazioa martxoaren 24an, 13:00ean, aulariopean! Donostian.


EHUko doktoregai asanblada 2017an sortu zen, gure lan-baldintza eskasak, soldata baxuak eta prekarietatea salatzeko. Izan ere, aurrerakoi bezala aurkezten zaigun unibertsitate honek era sistematikoan jartzen du irabazi ekonomikoa langileon ongizatearen eta kalitate akademikoaren aurretik. Garbitzaileen kasuan esaterako, administrazioko gainerako garbitzaileen soldatak eskatzen dituzte eta UPV/EHUk ezikusia egin du behin eta berriz.

Goi-mailako formakuntza zein ikerkuntza, aukera unibertsal behar luke, baina geroz eta jende gutxiagoren esku dagoen aukera da. Ikasleen kasuan, etengabe garestitzen ari diren tasak dira egoera horren erakusgai garbiena, eta, ikertzaileen kasuan, gehienok lan-kontraturik gabe edo soldata oso baxuekin (oro har 1000 euro baino gutxiago) doktoregoa burutu beharra. Gaur eta hemen, ikertzaile izatea geroz eta jende gutxiagoak aukera dezakeen bidea da.

Gure kontratuak langile izaera ezbaian jartzen du. Formakuntza aldi batean gaude, bai; baina ez gara ikasleak. Ikerkuntzak etengabe formatu beharra dakar ibilbide profesional osoan, baina horrek ez luke behar lan-eskubideak urratzeko eta prekarizatzeko arrazoia. UPV/EHUko lan-hitzarmenean ere ez gaude, nahiz eta gure lana unibertsitatearen izenean egin.

Ikerlari orok, ezinbestean, jardun profesionala gauzatzeko azpiegitura egokiak eta baliabide material nahikoa behar ditu, baina gutxieneko hori ere ez da bermatzen. Doktoregai guztiok matrikula kopuru berbera ordaintzen badugu ere, ikerlari horietako askok haien jarduna aurrera eramateko toki fisikorik ere ez dute. Hori gutxi ez eta, lan egiteko ordaindu egin behar dugu. Horren adibide dira doktorego-eskolako matrikula eta doktoregoa egiteko ordaindu behar diren, eta urtetik urtera garestiagoak diren, bestelako tasak.

Dozentziari dagokionean, doktoregaiok dugun dozentzia karga hobeto kontrolatu behar litzatekeela ere uste dugu. Izan ere, sarritan, doktoregaiok irakasgaien ardura geure gain hartu behar izaten dugu, bakoitzaren sailean dauden pertsonal-hutsuneak betetzeko.

Gainera, ikerlarion lanari berezko zaizkion lanaldi amaigabeei, asteburuetan nahiz opor garaietan ordaindu gabe lan egin beharra ere gehitu behar zaie.

Honek guztiak, goi-mailako formazio akademikoa nahiz ikerketa zientifikoa geroz eta gutxiagoren aukera izatea dakar, eta kalitate akademikoa sakrifikatzen du kostuak murriztearen izenean. Honen aurrean: unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa den hezkuntza bat aldarrikatzen dugu. Bide horretan, ikerlarion asanbladak ondorengo neurriak proposatzen ditu:

1. Ikerlari doktoregaiok UPV/EHUko lan-hitzarmenaren parte izatea, gure kontratuei formakuntza izaera kenduz.
2. Gure soldata irakasle laguntzaileen soldatarekin berdintzea.
3. Doktoregotzari lotutako matrikula eta tasen doakotasuna.
4. Irakaskuntza enkarguaren kontrol erreala. Gehienez ere 60 ordu urteko eta, betiere, formakuntzara bideratuak badira.
5. Doktoregai orok (kontratudun zein kontratu gabeko) gainontzeko irakasle-ikertzaileen (IIP) baliabide berak izatea; esaterako, lanerako azpiegitura egokia.
6. Ikerlari orori kontratua egitea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina