2025(e)ko ekainaren 2(a), astelehena

SAILBURUAREN ADIERAZPENENGATIK LARRITUTA

SAILBURUAREN ADIERAZPENENGATIK LARRITUTA

Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuaren hitzek, Onda Vascan egindako azken elkarrizketan, alarma guztiak piztu dituzte CCOOn. UPV/EHUren arazo larriei erantzun zehatzak eman ordez, bere diskurtsoak errealitate paralelo batean dabilela dirudi, gure unibertsitate publikoaren eta bertan lan egiten dugunon premia larrienetatik urrun. Bereziki kezkatzen gaitu nola dirudien Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa (USLO) eta publikoarentzako finantzaketa-agindua betetzearekin arinkeriaz jokatzen duela, 'alternatibak' iradokiz, eta horrek zalantza handiak sortzen dizkigu EHUri legez dagozkion baliabideak emateko asmoari buruz. 
 
Gomendatzen dizuegu elkarrizketa ikustea. 


Finantzaketa Publikoa: Legezko Konpromisoa ala "Gauzak Ikusteko Beste Modu Batzuk"?

Etsigarria da, zinez, Euskadiko unibertsitateen arduradun nagusiari entzutea Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak (USLO) ezartzen dituen finantzaketa-helburuak betetzearen garrantzia erlatibizatzen. EHUk BPGaren %1eko finantzaketa lortzeko duen beharraz galdetuta, Sailburuak erantzuten digu "cifrar los objetivos en términos porcentuales del producto interior bruto (...) es una forma de verlo, pero hay formas alternativas" (Onda Vasca, 01:34). CCOOtik galdetzen dugu: zer "modu alternatibok" justifika dezakete unibertsitate publikoaren nahikotasun finantzarioa bermatu nahi duen legezko agindua saihestea? EHUren egonkortasuna eta kalitatea Jaurlaritzak legea "ikusteko duen moduaren" araberakoak al dira?

Sailburuak dio "de lo que se trata es de hablar de objetivos" (01:08) eta "qué queremos hacer con los recursos de los que disponemos" aztertzea (01:59). Ikuspegi horrek baliabide mugatuen esparrua onartzen duela dirudi abiapuntu gisa, legez dagokionaren alde borrokatu beharrean. CCOOn "helburuez" hitz egiten dugunean, dagoeneko finantzaketa eskatzen duten errealitateei buruz ari gara: aurretiko ez-betetzeengatik EHU_k aurre egin behar dien epai judizialen kostu handiari; gure Irakasle eta Ikertzaileen Pertsonalaren (IIP) soldata aurreko hezkuntza-etapetako irakasleenarekin parekatzeko premia larriari; Teknikari, Kudeatzaile, Administrari eta Zerbitzuetako Pertsonalaren (TEKAZEL) soldata-hobekuntza eta karrera profesionalaren garapen ezinbestekoari; legea beteko duen Prebentzio Zerbitzu propio baterako baldintzak ezartzeari (gogora ekarri OSALANen aurrean jarritako gure salaketa). Hauek ez dira "helburu" abstraktuak, Sailburu jauna, gure unibertsitate publikoaren kalitatean eta bideragarritasunean zuzenean eragiten duten premia eta legezko betebehar ez-beteak dira. Testuinguru honetan EHUren "desventaja competitiva" (03:00) ukatzea, ebidentziari muzin egitea da.


Talentuaren Erakarpena: Lurralde Marketinarekin ala Baldintza Duinekin?

Bereziki deigarria da Sailburuak "talentuaren erakarpena" lantzeko duen ironia. Euskadiren onurak saltzen dizkigu "contexto académico atractivo" edo "entorno geográfico amable" gisa (24:58tik aurrera). CCOOtik galdetzen dugu: maila goreneko ikertzaileak paisaiekin eta Giza Garapenaren Indize on batekin soilik erakartzea al da asmoa? Hutsune nabarmena da EHUk erakarpen-faktore gisa eskaintzen dituen lan-baldintza espezifikoak ez aipatzea. Asko esaten duen isiltasuna.

Are gehiago, AEBetako talentuaren balizko "ihesa" aztertzean, Sailburuak iradokitzen du onura "tejido académico europeo" delakoarentzat izan daitekeela oro har, aukera –eta erantzukizuna– EHUn zentratu gabe (18:59 - 20:01). Hau al da onarpen inplizitu bat EHUk, egungo baldintzekin, ezin duela talentu horregatik lehiatu? Edo gure unibertsitatea, bere kabuz, benetako erakarpen-gune bihurtzeko baldintzak hobetzeko konpromisoa saihesteko modu bat al da, krisi arrotzen onuradun pasibo bat izan beharrean?


CCOOren Lehentasunak: EHU eta Bere Langileak

Sailburuaren diskurtso osoan, faltan botatzen dugu EHUko IIPren eta TEKAZELen baldintzak hobetzeko aipamen proaktibo eta irmo bat, bere politikaren elementu nagusi gisa. "Kalitateaz" hitz egiten da modu generikoan, rankingak aipatzen dira (07:03), baina ahaztu egiten da kalitatea, egunero, unibertsitateko langileek eraikitzen dutela.

Euskadin unibertsitate pribatuen ugaritzearen arriskua gutxiestearen aurrean (10:09) –nahiz eta gure erkidegoan lau unibertsitatetik hiru pribatuak izan, Estatuko rankingean buru garela– eta finantzaketa-konpromisoen lausotasunaren aurrean, CCOOtik exijitzen dugu:

  1. USLO Zorrotz Betetzea: 2030erako Euskadik, gutxienez, BPGaren %1 bideratu beharko du EHUren finantzaketara. Ez da "gauzak ikusteko modu bat", premia eta legezko agindua baizik. Hala ere, gaur egun, ez dugu inolako informaziorik 2030eko helburua betetzeko finantzaketaren plangintzari buruz. 

  2. Elebitasunerako finantzaketa gehigarria: USLOk aurreikusten duen finantzaketa gehigarria da, eta CCOOk izan ezik, inork ez du erreklamatzen EHUn ezta Eusko Jaurlaritzan ere.

  3. Lan Baldintza Duinak BEREHALA: Talentuaren erakarpena eta atxikipena, eta EHUren kalitatea, nahitaez lotuta daude langile guztien (IIP eta TEKAZEL) soldatak eta baldintzak hobetzearekin.

  4. Publikoaren Defentsa Zalantzarik Gabe: "Euskal Unibertsitate Sistema" osotasun desberdindu gabe gutxiago sustatu eta EHUren aldeko apustu argi eta irmoagoa egin, unibertsitate publiko bakarra den aldetik.

 

Pérez Iglesias sailburuaren hitzek Onda Vascan gure determinazioa berresten dute. CCOOtik unibertsitate publiko sendo, ondo finantzatu eta langile aitortu eta duinduekin lan egiten eta aldarrikatzen jarraituko dugu. Espero dugu administrazioak kontuan hartzea eta gaur egun zalantzak baino gehiago sortzen dizkigun norabidea zuzentzea.


¡CCOO EHUko Langileen Defentsan!

AFILIA ZAITEZ CCOOn: ONDO DATORKIZU
94 601 2437
ccooupv-bi@ehu.eus


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina