2025(e)ko irailaren 30(a), asteartea

MARÍA ZAMBRANO PROGRAMAKO LANGILEEK BEREN SOLDATA OSOA JASOKO DUTE, LEGEZ KANPOKO DESKONTURIK GABE

MARÍA ZAMBRANO PROGRAMAKO LANGILEEK BEREN SOLDATA OSOA JASOKO DUTE, LEGEZ KANPOKO DESKONTURIK GABE

CCOO-K BERE ERAGINKORTASUNA ERAKUTSI DU BERRIRO ERE, EPAI IRMO BAT LORTUZ, IKERTZAILEEN SOLDATA-ESKUBIDEAK BERMATZEN DITUENA

EHUko CCOOren Atal Sindikalak atsegin handiz iragartzen du garaipen judizial berri eta behin betiko bat lortu duela ikertzaileen defentsan. Auzitegi Gorenak 2025eko irailaren 16ko 781/2025 Epaia eman du. Horren bidez, EHUren helegitea ezetsi eta CCOOk EAEko Auzitegi Nagusian irabazitako epaia berretsi du. Epai horrek onartzen du María Zambrano programaren bidez (lehen deialdia) kontratatutako langileek hilean 4.000 euroko ordainsari gordina jasotzeko eskubidea dutela, Gizarte Segurantzako enpresaburuaren kuota legez kanpo deskontatu gabe.

OSO GARRANTZITSUA: Garaipen judizial hau CCOOren afiliazioak finantzatu du. Hala ere, kaltetutako langile guztiak izango dira onuradun. Kontuan izan, elkartasuna praktikatu eta afilia zaitez.


Argumentu zuzena defendatzea

Birkualifikaziorako laguntzen arazoaren hasieratik, CCOOk identifikatu zuen ikertzaileen soldatatik enpresaburuaren kuota kentzeko EHUren praktika erabateko ilegalitatea zela. Hori dela eta, gure sindikatuak gatazka kolektibo bat aurkeztu zuen, argumentu juridiko zuzenean oinarrituta: enpresaburuaren kuota enplegatzailearen betebeharra da eta ezin dio langileari egotzi. Auzitegi Gorenak tesi hori berretsi du, EHU kondenatuz eta laguntzaren soldata gordina ikertzaileentzat oso-osorik dela bermatuz.

Gogoratu behar da duela gutxi Auzitegi Gorenaren beste epai bat ezagutu zela, kasu honetan lehen deialdiko Margarita Salas langileei buruzkoa, ELA sindikatuak aurkeztutako demanda baten ondorioz. Auzitegi Gorenak demanda hura ere baietsi zuen arren, hasierako planteamenduaren ikuspegi okerrak (atzerriko egonaldiaren laguntzaren zenbatekoan zentratua) eragin du, praktikan, epai horrek ondorio ekonomiko errealik ez izatea lehen deialdi horretako Margarita Salas langileentzat. Horrek erakusten du ez dela nahikoa auzitegietara jotzea, baizik eta argumentu zehatz eta ondo oinarrituekin egin behar dela, eta estrategia horretan CCOOk bere zuzentasuna eta kaudimena erakutsi ditu berriro ere.


EHUri koherentzia eta aplikazio zabala eskatzen diogu

Lehen deialdiko María Zambrano langileentzako epai irmo honekin, Auzitegi Gorenaren doktrina eztabaidaezina da jada. Nahiz eta gure bigarren gatazka kolektiboaren ebazpen formalaren zain gauden, bigarren deialdiko Margarita Salas eta María Zambrano langile guztiak babesten dituena, ez dugu zalantzarik bigarren gatazka hau ere aldeko zentzuan ebatziko dela, eskubide horiek sartu berri diren langile guztientzat finkatuz.

Baina langile hauek ezin dute gehiago itxaron. Dei zuzena egiten diogu EHUko errektoretza taldeari eta ESKATZEN diogu arduraz eta bere hauteskunde-programarekiko koherentziaz joka dezala, langileen baldintzak hobetzearen alde egiten baitu, eta gaur egun betetzen ari ez den epai judizialekiko errespetuaren alde. Errektoretza taldeari ESKATZEN diogu epai honen printzipioak berehala aplika diezazkiela kaltetutako langile GUZTIEI, honako hauek barne:

  • Bigarren deialdiko Margarita Salas (nazionala eta atzerrikoa) eta María Zambrano langileei, gure bigarren gatazka kolektiboak babestuta daudenak.

  • Lehen deialdiko Margarita Salas langileei, ekonomikoki eraginkorra izan ez zen ELAren epaiak kaltetutakoak. Tratu-berdintasun eta justizia material hutsagatik, ezin da onartu demanda baten planteamendu oker batek arrazoi juridikoa duen kolektibo bati kalte egitea.

CCOOk zorroztasunez eta sendotasunez lanean jarraituko du negoziazio-mahai guztietan eta, beharrezkoa denean, auzitegietan, EHUko langile guztien eskubideak osorik errespetatzen direla bermatzeko.

 ¡CCOO EHUko langileen defentsan!

AFILIA ZAITEZ CCOO-ra: ONDO DATORKIZU
94 601 2437
ccooupv-bi@ehu.eus



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina