2024(e)ko otsailaren 12(a), astelehena

IRAKASLE-EIKERTZAILEOK BERRIZ MOBILIZAZIOETARA!

 


EHUko zuzendaritzaren eta Eusko Jaurlaritzaren itxikeriaren aurrean,

irakasle-ikertzaileok berriz mobilizazioetara!


Ikasturte honetako lehen lauhilekoan EHUn greba egitera eta mobilizatzera bultzatu gintuzten arazo gehienek beren horretan diraute bigarren lauhilekoaren hasiera honetan. Aste hauetan zehar, negoziazio-mahaiaren bi bilera izan ditugu baina Errektoretza erabat itxita agertu da sindikatuek aurkeztutako proposamenen aurrean. Nabarmentzekoa da, bereziki, ordezko irakasleen lan-baldintzak hobetzeko proposamenen aurrean zuzendaritzak erakutsitako egoskorkeria.


Lehen lauhileko mobilizazio eta grebetan sindikatuok salatu genuen unibertsitatean arazo estrukturalak ditugula eta EHUko langile kolektibo batzuen lan-baldintzen prekarizazioa geroz eta larriagoa dela, finantzaketa falta izanik erroko arazoa. Hartara, gure aldarrikapen nagusiak irakasle ordezkoen prekarizazioarekin amaitzea, langile guztion eros-ahalmenaren berreskurapena, irakaskuntza-zamaren jaitsiera, eta oro har Unibertsitatearen finantzaketa handitzea izan ziren. Honen aurrean, errektoretzak eta Eusko Jaurlaritzak eman dituzten pausuak oso eskasak izan dira. Ez dute hitz egin nahi 41/2008 Dekretua aldatzeaz, ordezko irakasle prekarioen miseriazko soldatak finkatzen dituena. Ez dute ezer jakin nahi EHUko langileon erosahalmenaren berreskurapenaz, edota irakasle-ikertzaileok 2006tik hona izoztuta ditugun osagarri gehigarrien eguneratzeaz (% 30tik gorako balioaren galera izan dugu). Ez dute ezer entzun nahi azken boladan langileen alde egon diren epaiak betetzeaz (ikertzaileak, seiurtekoak denontzat, bosturtekoak lanaldi partzialeko langileentzat...). Eta erretiroen inguruko negoziazioa zertan gauzatuko den ere ikusteko dago langileen alde jasotako ebazpen judiziala EHUko zuzendaritzak errekurritu egin duela ikusi eta gero. Zuzendaritzatik negoziazioari egiten zaizkion aipamenak, ezerezean geratzen dira praktikan, aipatutako hainbeste adibideen aurrean.


Ordezko irakasleen lan-baldintzak konpontze aldera, Errektoretzatik jaso ditugun proposamenek baztertu egiten dute lanaldi osoko irakasleen lizentziak eta baimenak lanaldi osoko kontratuekin betetzea, Horrez gain, guztiz itxita agertu dira arduraldi partzialeko ordezko irakasleen gainerako aktibitateak (klaseak prestatzea, formazioa, irakaskuntzari lotutako kudeaketa, etab) aitortzeko eta ordaintzeko. Horren ordez, egin digun proposamen bakarra lan hitzarmenaren moldaketa egitea da, egoera zehatz batzuetan ordezkapenen ordez laguntzaile doktore plazak sortzeko, sailean hurrengo 3-5 urteetarako aurreikusten diren erretiroen arabera, sailetan izango diren erretiroen kontura. Baldintzak honako hauek lirateke: sailaren dedikazio/gaitasun ratioa % 90 baino gutxiago ez izatea, lehenengo kasuan. Sailean epe ertainera erretirorik aurreikusten ez denean, sailarena % 90etik beherakoa ez izatea eta legokiokeen jakintza arlo edo saileko atalarena ere % 95eko baina baxuagoa ez izatea bigarrenean. Nolanahi ere, plaza berriak sortzeko aukera, aurrekontu erabilgarritasunera baldintzatuta egongo litzateke, bai eta urtero negoziatu beharko gehienezko kopuru batera; 2024/25 ikasturterako 30 plazako muga ezartzen dute.


Proposamenak ez dio, ordea, arazoaren muinari erantzuten, arduraldi partzialean aritzen diren eta arituko diren ordezko irakasleen egoera, hain zuzen. Demostratu den moduan, ordezko irakasleek beharrezkoak izaten jarraituko dute eta haietako askok miseriako soldatak jasotzen segituko dute.


Aitzitik, honekin eta JARDUN plan berriaren aplikazioarekin sail gehienetako dedikazio/gaitasun ratioak murriztuko egingo dira, eta irakasle gehienon irakaskuntza-karga handituko da. Horrek guztiak irakaskuntzaren kalitatea, ikerkuntza eta kudeaketa kaltetuko du.


Urrian greba egin genuenetik denbora baliotsua galdu dute EHUk eta Eusko Jaurlaritzak lan-gatazka honi irtenbide duina emateko. Urriaren 18an errektoreari eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailaren buruari bilera eskaera eskatu egin genien. Eusko Jaurlaritzatik ez dute oraindik erantzun, EHUko langileak ordezkatzen dituzten sindikatuei bizkarra emanez. EHUko zuzendaritzari asko kostatu zaio sindikatuekin biltzea, eta planteatutako egoeren aurrean ez dute arazoa konponduko duen irtenbiderik proposatu.


Bitartean, ez da aurrerapen handirik sumatzen USLOk berak agintzen duen Unibertsitate publikoaren finantzaketaren ildoan, 2030erako BPGren % 1eraino heltzea agintzen duena. Ezin dugu utzi EHUren finantzaketa ez nahikoa langileon lan eta bizi baldintzen bizkar kontura ordaintzea.


Horren aurrean LAB, CCOO, STEILAS eta ELA sindikatuok uste dugu berriro ere mobilizazioei ekitea ezinbestekoa dela. Horregatik, hurrengo egunetan, Errektoretza taldearen eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera immobilista salatzeko eta Unibertsitateko langileen lan-baldintza egokien defentsan beste mobilizazio ziklo bati hasiera emango diogu.


2024ko otsailaren 12an

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina